IKA Errioxa euskaltegia

Albisteak

ASKO GARA, BAINA ZU GABE EZ GARA NAHIKOAK!

2015/09/02

Aspaldiko leloa da: “ Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik ”. Joxean Artzeren hitz horiek  garrantzi handia izan dute zenbait lekutan euskarak iraun dezan.

 

Arabako Errioxan, Vianan, Mendavian… gauzatutako lana, aldiz, ez du ondo deskribatzen; izan ere, inguruotan euskara bizi bada, ikasi delako da; norbanakoek ikasteko esfortzua egin dutelako.

 

Azken 35 urteotan, ia euskaldunik ez egotetik oso bestelako egoera batera pasa gara: 30 urtetik beherakoen artean erdiek baino gehiagok badakite, herritarren %39k badakite edo ulertu egiten dute euskara… Erabilera datua, ordea, ahulagoa da: %4.

 

Eta berriro Joxean Artzeren hitzetara iristen gara: dakitenek erabil dezatela! Denok berdina esaten dugu. Kontua da, zonalde honetan oraindik ezer ez dakitenen kopurua handia dela: %61, hain zuzen, 6.878 pertsona. Ez da ikasketa askorik behar jakiteko hizkuntza erabiltzeko, hitz egiteko, bi pertsona behar direla, eta biek hizkuntza jakitea ezinbestekoa dela, edo batek jakin eta besteak, behintzat, ulertzea.

 

Normalean, euskaldunak erdaldun batekin hitz egin behar duenean, gaztelaniaz egiten du, erdaldunari errespetua zor baitzaio, eta erdaldunak berak esaten du gaztelania erabiltzeko eskubidea duela. Non dago euskaldunarekiko errespetua? Asko eta askoren urteetako lanari ez zaio errespeturik zor? Non geratzen da euskaldunaren euskaraz egiteko eskubidea?

 

Modan dago esatea eskubideek berekin betebeharrak ere badituztela. Kasu honetan, euskaldunak errespetatzen du erdaldunaren gaztelaniaz egiteko eskubidea, baina zer egiten du erdaldunak euskaldunak euskaraz egin ahal dezan?

 

Bi hizkuntza ofizial ditugunez, denok biak jakiteak bermatzen du guztion hizkuntza-eskubidea eta hizkuntza-betebeharra.

 

Euskara zaila omen da. Euskara helduaroan ezin omen da ikasi. Bi baieztapen horiek gezurra direla gure herrietako jende asko eta askoren ikasprozesuek erakusten dute. Gainera, erabilera ziurtatzeko, ez da EGA titulurik behar, euskara ulertzea besterik ez. Eta hori ez da zaila!

 

Erabilera-datuak gora egin dezan, euskaldunok konpromisoa behar dugu, eta hamaika ekimen jarriko dugu abian euskara indartzeko; baina denekin, egoera guztietan, euskara baliatzea izango litzateke aurrerapauso garrantzitsuenetako bat; horretarako, ordea, erdaldunek euskara ulertzeko lain ikasi behar dute.


Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera

IKA Errioxa · Diputazio kalea, 32 · Oion (Araba) · Tel. 945 601 087 || Berberana kalea, 5 · Biasteri (Araba) · Tel. 945 621 055