IKA Errioxa euskaltegia

Albisteak

Morau eta Benardo: ardoari gorazarre

2022/12/14

EZBEHAR BATENGATIK KONTZERTUA BERTAN BEHERA, BAINA IZANGO DUGU ABAGUNEA AURRERAGO...

Ostegunean, abenduak 22, arratsaldeko 19:30ean, Biasteriko Doña Blanca tabernan, Morau eta Beñardo izango ditugu ardoaz, ardoari eta ardoarekin abesten.

“Ardo” diskoaren aurkezpena egingo dute. Ardoari gorazarre eginez, madarikatuz edo bere eraginaren pean idatzi eta kantatutako doinuak biltzen ditu disko-liburuak, zeinak 12 kanta, 50 poema eta 24 ilustrazio jasotzen dituen. Azken horiek Iñaki Martiarena (Mattin) ilustratzaileak egin ditu.

Morau da kantuen hitz eta doinu guztien egilea, eta hark esan duenez, plazerak, jakin-nahiak, eta, batez ere, zaletasunak eskutik hartuta eginda daude abesti denak. Azken aldietan bezala, Beñardok lagundu dio kantak biribiltzen; bien izenean argitaratu da diskoa, eta biak ari dira aurkezpen-lanetan.

Kopa altxatu, ospatu eta gozatzeko unea da. Topa!

“Morauk” (Andoni Tolosa) pare bat maketa grabatu eta ia urtebetez Xabier Montoia abeslariarekin (Hertzainak, M-ak) taberna eta areto txikietan kontzertuak ematen hasi zenetik perlaz betetako diskografia bikaina eskaini digu bidean. “Morau” (Gaztelupeko Hotsak, 1996) edo Kantu galduak EP akustikoan (Gaztelupeko Hotsak, 1998) doinu eta hitzen ateko oreka goxo, intimo eta aldi berean sozial horren moldea ezarri eta kolaboratzaile askoren laguntzaz zabalduz eta koloreztatuz joan da urte hauetan guztietan. Hala nola, “Amodio Domestikoak”, Txukalda”, “Kalamidadiak” edota autoekoiztutako azken “Arrainentzako Himnoak” eta “Egunsentiak alperrentzat” lanetan Joseba Tapia, Ñaco Goñi, Petti, Joxi Ubeda, Beñardo Goietxe, Maite Arroitajauregi, Jose Afonso musikari apartak aurki ditzakegu. Bere abestien itxurazko xinpletasunaren atzean folk, power pop, country edota bossa novako aztarna zoliak fintasun zoragarriz barreiatu izan ditu eta “Ardo” aberastasun horren guztiaren destilazio fina dela esan genezake.

Azkenaldi honetan, Beñardo Goietxe (Noise Hole, Mugaldekoak…) gitarra jole eta abeslari beratar paregabea izan da bere kolaboratzaile ohikoena, eta bikote moduan sinatu izan dituzte bai grabaketak baita emanaldiak ere. “Ardo” diskoan ere Beñardo da musikari nagusia, abestien biluztasun hunkigarriari ekarpen aberasgarriak eginez beti.

Material osagarria:



Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera

IKA Errioxa · Diputazio kalea, 32 · Oion (Araba) · Tel. 945 601 087 || Berberana kalea, 5 · Biasteri (Araba) · Tel. 945 621 055